Merkataritza gune handiei mugak jartzeko proposamena onartu du Eusko Legebiltzarrak

Iturria: Berria.eus

Donostiako Garbera merkatalgunea, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA/FOKU

 

EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta PPren aldeko botoak lortu ditu. Jaurlaritzako bi alderdiek ohartarazi dute ez duela «berme juridikorik».

Eusko Legebiltzarreko oposizioak gehiengo alternatiboa baliatu du merkataritza gune handiei buruzko eztabaida behartzeko: EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk saltoki handiei mugak jartzeko lege proposamena onartu baitute gaurko osoko bilkuran. Merkatari txikien Euskaldendak elkartearen ekimenez, Merkataritza Legea aldatu nahi du oposizioak; zehazki, legearen 13. artikulua: saltoki handiak ezarri eta handitze posible batean bete behar diren baldintzak arautzen dituena. Orain artean, LPS lurraldeko plan sektorialak arautzen ditu baldintzok, baina, elkartearen iritziz, legeak berak adierazi beharko lituzke betebehar horiek aurrena. Oposizioko alderdiak bat datoz horretan. Aurkeztutako lege proposamenaren arabera, saltoki handiek ezingo dute 15.000 metro karratu baino gehiago izan hirigune handietan; 10.000 metro karratu erdi mailako hiriguneetan, eta 2.000 gainerakoetan.

«Egoera larria da», Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz. Izan ere, legeak duen «hutsunea» baliatu dute zenbait saltokik «azalera bikoiztuko» luketen proiektuak aurkezteko. «Batzuek ez dute denbora alferrik galdu; batez ere, Gipuzkoan», ohartarazi du. Auzitegi Gorenak 2015ean bertan behera utzi zuen orduko plan sektoriala, argudiatuz, ezin zaizkiela merkataritza gune handiei mugak jarri txikien mesederako. Eta, beraz, bete beharreko baldintzak arautu gabe egon dira ordutik. Donostiako Garbera eta Basauriko Bilbondo saltokiek jarri zuten salaketa orduan.

Halere, Gorenak ate bat itxi arren beste bat ireki zuen: adierazi baitzuen, mugak legezkoak izan daitezkeela interes orokorrari lotutakoak badira. Hala nola lurralde antolamenduari edota ingurumen arrazoi lotutakoak direnean. Bada, zirrikitu hori bera baliatu du oposizioak proposamena aurkeztu eta onartzeko.

Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek –EAJ eta PSE-EE–, abstentzioa eman dute. Azpimarratu dute, proposamenak ez dutela «berme juridikorik», eta «arazo» izan daitekeela udalentzat. «Saltoki handien eta txikien arteko oreka defendatu dugu beti, eta beharrezkoa ikusten dugu hori arautzea. Baina testu honek juridikoki hutsune nabarmenak ditu, eta bermerik gabe udalek ordainduko dute gabezia horiek», azpimarratu du Luke Uribe-Etxeberria jeltzaleak.

Iturria: https://www.berria.eus/albisteak/166127/merkataritza-gune-handiei-mugak-jartzeko-proposamena-onartu-du-eusko-legebiltzarrak.htm

 

Leave a Reply